viernes 26 de junio de 2009

Munduko jakintsurik tontoena



Iñaxito Albisu Errenterian jaio zen 36ko Gerra baino lehen. Iñaxito Albisuk egin dituenak ezin dira etxe partikular batean egin. Iñaxito Albisuk ez dizu sekula erantzungo uste zenuen bezala. Batez ere, “egoki eta zuzen” bada zure leloa.
Iñaxito Albisu orain eta hemen zergatik aipatzen dudan? Haren bizitzako pasarteak moldatu dituelako “Munduko jakintsurik tontoena” antzezlana ontzeko Oier Guillan idazleak. Hortaz, Peru-txiki protagonista da Iñaxito, eta hura elkarrizketatzera doan kazetaria izango ginateke guztiok.
Hasiko gara hura ezagutzen, harrituko gara erantzunekin, ernegaraziko gaitu batetik bestera doan adimenarekin, barre eta negar egin dezakegu jakintsurik tontoenaren munduan. Jasoko ditu egilearen irudimen bizkor eta mugagabeak protagonistak esan zituenak, asmatu zituenak, baita esango lituzkeenak ere. Eta biak, bai Oier bai Iñaxito, ezagutzen dituen honek, aitortzen du autoreak fideltasunez errespetatu duela protagonistaren biografia eta bere egin dituela haren egia gezurrezkoak. Elkarrizketa ezinezko eta oparo honetan, taula gainean baino bizitzaren antzokian jokatu behar den lan honetan, badago zer ikasi. Eskerrak ematea besterik ez da geratzen, eskutan hartzea Maria de Bernardok eginiko artista-liburua, guztion hatz mamiek Mkelazulon dagoen liburuaren azal epeleko tolesdurak miatu diatzela.

(Asier, batbada kidea)

Liburua deskargatu

Audioa entzun edo-ta deskargatu

viernes 15 de mayo de 2009

Poems, everybody, poems!


ez dela ingelesez mintzo esan behar lehena. hizkuntza izan nahi ez duen hizkera dugula ordea asierren liburu honetan. edo hizkuntza guztiak izan nahi duena, baita hitzik gabekoak ere. hala, poesia, behar hori elikatutako zenbait izen erreferente bildu dizkigu honakoan. poesiaren arlo ezberdinak adibide konkretuekin ikutuaz, betiere jakinduriaz eta jakinminez, betiere perspektibaz baina gertutik. poesiagintzari buruzko poesiazko irakurketa ederra dela poemaren aldarri hau. bestalde, idoia beratarbidek eder pintatu ditu keinuak, poemen kondar ezinbestekoak.
disfruta dezala poesian aritua ez denak, goza ez ezik ikasi ere egingo duelako. maita dezala poesia maite duenak.
ander (batBada proiektuko kidea)

Liburua deskargatu

Breve historia de los conquistadores


Supongamos que alguien te cuenta que a la vuelta de la esquina, ZAS! Que basta con echar una ojeada al vecindario y CRACK! Que en este juego juntar palabras de Oscar se encuentra uno con susurros, aullidos, quejidos. Que hasta los desgarros toman forma de caricia que roza tu piel y que con cara de tonto y media sonrisa te repites una y otra vez antes de dormir: “ Estás vacía Adela, y tu única misión en el mundo es ser feliz.”
Supongamos que a un grupo de niños les recitas parte de este hermoso poemario, y entre risas y muecas de asco te piden que sigas, ¡cómo que alguien se pierde en línea recta! claman, ¡no tiene ningún sentido! aclaran, y ¿qué significa grotesco? preguntan, y ¡cómo que alguien compuso una sinfonía del asesino!
Supongamos que una reseña invita a la lectura de un libro, y a un niño sirva de algo obligarle a ello. Supongamos que te dice: ¡es de risa, de miedo y asqueroso! ¡y me gusta!
Es hermoso digo, te interroga, te sacude y cual verde para un rumiante reaparece cuando menos te lo esperas ZAS! a la vuelta de la esquina CRACK! al echar una ojeada al vecindario, sí, es esta “Breve historia de los conquistadores”

Iker (batbada kidea)
Descargar el libro

Ebaki, Ion Olano


Maitatuko zaitut ironia arte

Ion Olanok Ebaki izeneko poesia bilduman bildu ditu literaturari buruzko gogoetak, literatura moldez. Ironia eta, neurri batean, probokazioa lagun murgildu da idazketaren, idazlearen figuraren eta poesiaren koordenatuetan.

Norentzat idazten du idazleak idazteari buruz idazten duenean? Nola ezberdindu horrelako lan batean atzizkiak? Eta ironiaz janzten dituenean hitzak? Nori zuzentzen dizkio berbazko aizkorakadak? Irakurleari? Norbera den idazleari? Bere burua idazletzat duenari? Izen propioetan maiuskulak gogoko dituztenei?

Ironia maitasun ekintza bat da, ala eraso bat? Egin daiteke maitasunezko erasorik? Maitasunezko eraso erosorik? Saiakera ausarta egin du, galdera horien norabidean, Ion Olanok.

Tankera horretako galderak abaildu zitzaizkigun mahai gainera, hain zuzen ere, kafe baten bueltan Mikelazulon Batbada-kideok Ion Olanorekin elkartu ginenean. Egun hartan ez genuen erantzunik topatu, ez eta larregi saiatu ere. Batbadakook irakurleak gara, erosle huts izateari utzi nahi dioten irakurleak, baina ez kritikoak. Horregatik beste irakurleen, Batbada sarea osatu nahi duzuenen esku utziko dugu Ebaki bilduma: Buñuel izan gabe begiak ebakitzeko prest, eta gogoak, eta agian baita bihotzak ere.

Ironia maitasunezko ekintza bat izan daitekeelako.

Korabolatzaileak: Luxia Iriondo, Ricard Grau, Miren Garralda, Oriol Antolín, Izarne Zelaia, Arkaitz Artola, Uzuri Aboitiz eta Pau Munar

Oier Batbada-kidea
Liburua deskargatu

domingo 10 de mayo de 2009

BATBADA proiektuaren aurkezpena

Mikelazulo kultur elkarteak "batbada" proiektu berria aurkeztuko du 9. poesiaren astearen egitarauaren barruan. Hementxe duzue egitarau osoa:

9. POESIAREN ASTEA IRAKURLE BAT BADA
Mikelazulo kultur elkartea (Errenteria/Orereta)


Maiatzak 12, asteartea (20:00)

Hitzak musikan poesia eta musika emanaldia. Itxaro Borda, Kattalin Totorika eta Pantxix Bidart.

Maiatzak 13, asteazkena


Irakurle bat bada ekimena: arratsaldean zehar Mikelazuloko espazioa poesiaz beteko da, astean zehar irakurriko diren poemak opari.

Maiatzak 14, osteguna (20:00)

Palestina: maitasuna eta bakearen lurraldea. Mahmud Darwishen poemen irakurketa.

Maiatzak 15 ostirala (20:00)

Jon Miner eta Intxixu Lotien Bandaren kontzertua.

Maiatzak 16 larunbata (19:00)

BATBADA proiektuaren aurkezpena, hiru libururen argitaratzearekin:

Asier Sarasolaren Poems everybody, poems!
Ion Olanoren Ebaki
Oscar Mansoren Breve historia de los conquistadores

Maiatzak 17 igandea (19:00)

Suzko lilia: olerkia, musika, estereofonia. Hedoi Etxarte eta Andoni Arcillaren eskutik.

Eta maiatzaren 23an (10:00-14:00)

Literatura eskola: 36ko gerra euskal literaturan, Edorta Jimenezen eskutik.


BATBADA PROIEKTUARI BURUZ:

Literatura maite dugu, eta literaturarekin batera liburuak, liburuei buruzko guztiak, irakurtzea bera. Literaturarekiko oinarrizko grina horri erantzunez sortu zen Mikelazulo kultur elkartean, orain hilabete batzuk, BATBADA proiektua.

Helburua funtsean honakoa izango da: sortzaile berrien lanei bidea egiten hasteko aukera ematea irakurle-lantegi baten bidez, eta beste euskarrietan argitaratzen zailak diren lanak irakurlearen esku uztea. Proiektuak ezaugarri hauek ditu:

Ekimen honen bidez tankera ezberdineko testuak eman nahi dira ezagutzera, BATBADA irakurle-lantegian talde lanaren bidez osatu ondoren.
Testuen ale bakarra argitaratuko da, beste hainbat alorretako sortzaileek (eskultura, pintura, soinua, argazkia…) artista-liburu moduan atondua.
Liburuak Mikelazulon egongo dira denon eskura urte osoan zehar, eta baita sarean ere copyleft lizentzia baten barruan.
Garrantzia berezia emango zaio ale bakoitzaren aurkezpen ekitaldiari.

9. Poesiaren Astearen testuinguruan honako liburu hauek ikusiko dute argia:

Asier Sarasolaren Poems everybody, poems!. Poemei buruzko saiakera poetikoa. Idoia Beratarbide pintore eta ilustratzaileak egindako alea. Aurkezpenaren egunean Audio-CD bat egongo da eskuragarri liburuaren pasarteekin.

Ion Olanoren Ebaki. Poesia liburua. Hainbat lagunen collageekin egindako alea.

Oscar Mansoren Breve historia de los conquistadores. Poesia liburua. Aitor Ruiz de Eginok eskultoreak egindako alea. Zuzeneko aurkezpena idazleak berak sortutako musikarekin egingo da.