2009/05/15

Ebaki, Ion Olano


Maitatuko zaitut ironia arte

Ion Olanok Ebaki izeneko poesia bilduman bildu ditu literaturari buruzko gogoetak, literatura moldez. Ironia eta, neurri batean, probokazioa lagun murgildu da idazketaren, idazlearen figuraren eta poesiaren koordenatuetan.

Norentzat idazten du idazleak idazteari buruz idazten duenean? Nola ezberdindu horrelako lan batean atzizkiak? Eta ironiaz janzten dituenean hitzak? Nori zuzentzen dizkio berbazko aizkorakadak? Irakurleari? Norbera den idazleari? Bere burua idazletzat duenari? Izen propioetan maiuskulak gogoko dituztenei?

Ironia maitasun ekintza bat da, ala eraso bat? Egin daiteke maitasunezko erasorik? Maitasunezko eraso erosorik? Saiakera ausarta egin du, galdera horien norabidean, Ion Olanok.

Tankera horretako galderak abaildu zitzaizkigun mahai gainera, hain zuzen ere, kafe baten bueltan Mikelazulon Batbada-kideok Ion Olanorekin elkartu ginenean. Egun hartan ez genuen erantzunik topatu, ez eta larregi saiatu ere. Batbadakook irakurleak gara, erosle huts izateari utzi nahi dioten irakurleak, baina ez kritikoak. Horregatik beste irakurleen, Batbada sarea osatu nahi duzuenen esku utziko dugu Ebaki bilduma: Buñuel izan gabe begiak ebakitzeko prest, eta gogoak, eta agian baita bihotzak ere.

Ironia maitasunezko ekintza bat izan daitekeelako.

Korabolatzaileak: Luxia Iriondo, Ricard Grau, Miren Garralda, Oriol Antolín, Izarne Zelaia, Arkaitz Artola, Uzuri Aboitiz eta Pau Munar

Oier Batbada-kidea
Liburua deskargatu

No hay comentarios:

Publicar un comentario