2010/05/11

Begira



BEGIRA, auto-edizioa bizitzeko modu bat: teknikaren dohainak adierazi nahi denaren esku uzteko gogoa, esperimentazioa begietatik sartzen den olatua.

BEGIRA, mintzo da isiltasuna: ez dago ez handi ez txikirik, ez luze ez laburrik, ez estu ez zabalik. Zerk neurtzen du obraren tamaina? Irakurlearen gogoan uzten duen oihartzunak, agian.

BEGIRA bat, eta BEGIRA bi: adi egonez gero jarraipena izango duen sailaren hastapena da BEGIRA duzuna. Urrats batean ilustrazio, bestean istorio, hurrengoan animazio izan daitekeen ibiltzeko modua.

BEGIRA, Idoia Beratarbideren lan berria: aurretik ikusi dizkiogu eskuak besteren testuak janzten, propioak irudiekin eraikitzen, zuzeneko emanaldietan pintatzen, Mikelazuloko hamaika diseinu orrazten. BEGIRArekin prozesu osoa hartu du bere gain: istorioak sortu eta gauzatu, arte objektu bilakatu, lehengo binilo-zorroen estetika gogora ekartzen duen batBada ale bikoitza paratu.

batBadako lantegian erronka berezia izan da BEGIRA: nola idazten da hitzik gabeko poema bat? Egilearekin batera bilatu dugu erantzuna, ezbaian jarri ditugu istorio bakoitzaren urrats narratiboak, lagundu ditugu Idoiaren pausoak: Ander Fernandezen musikaz, Iker Fernandez eta Asier Sarasolaren poesiaz.

BEGIRA: begiratzeak sortzen duen harridura, gauza txikietan ezkutatzen den mundua.




Jatorrizko aleari buruz: PDFan amaieran txertatutako argazkietan benetako batBada alea ikus daiteke; jatorrizko alean irudiak desplegatuta 90x90ko neurria hartzen dute.
liburua deskargatu

No hay comentarios:

Publicar un comentario